Euskal Erbesteen Kultura – La Cultura de los Exilios Vascos

Pilar Zubiaurreri buruzko liburu berria

Pilar Zubiaurreren liburu berriaren azala.

Pilar Zubiaurreren liburu berriaren azala.

Epistolario de Pilar de Zubiaurre (1906-1970)
Edizioa, hitzaurrea eta oharrak: Iker González-Allende.
Woodbridge: Tamesis, 2014. xxvi + 414 or. ISBN 9781855662766.

Liburu berri honetan 1906tik 1970arte intelektual bizkaitar honek idatzitako 188 gutun bildu dira. Pilar Zubiaurre (Garai, Bizkaia, 1884 – Mexiko hiria, 1970) intelektualak, Zubiaurre anaien ahizpa, bizitza osoan hispaniar munduko pertsonalitate ospetsu askori idatzi zien, tartean José Ortega y Gasset, Zenobia Camprubí eta María Martos de Baeza. Liburu honetan jasotako testu gehienak Bilboko Arte Ederren Museoko Artxibategian daude gordeta. Bilketa lana Iker González-Allende irakasleak egin du, aurretik emakume handi honi buruzko beste liburu baten egilea (Pilar de Zubiaurre: Evocaciones, artículos y diario (1909-1958). Donostia: Saturraran argitaletxea, 331 or. ISBN: 978-84-934455-7-7).

Liburua Iker González-Allenderen hitzaurre batekin hasten da; bertan irakasleak Pilar Zubiaurreren garrantzia azpimarratzen du. Garrantzi hori erakusteko hedabide desberdinetan argitaratutako artikuluak aipatzen ditu, besteak beste, Bizkaitarra egunkarian (1909. urtean) eta Euzko Deya: La voz de los vascos en México (1944-1958 urteetan) aldizkarian, baina, bereziki, Zubiaurreren jarduera sailkatzeko bost atal nabarmentzen ditu:
* Valentín eta Ramón bere anaien margolanen martxante moduan aritzeagatik.
* “Zubiaurreren larunbatak” izenarekin ezagunak izan ziren tertuliak antolatzeagatik.
* Bilboko Hermes: Revista del País Vasco (1917-1922) bezalako proiektuak sustatzeagatik.
* Madrilgo “Liceum Club Femenino” elkartearen bultzatzaile izateagatik.
* Bizitza osoan idatzi zituen milaka gutunengatik.

Jarraian, González-Allendek gutunen teoria eta praktikari buruzko atal bat jorratzen du. Horretarako zenbait autore teoriko hartzen ditu oinarri gisa, besteak beste, Roxana Pagés-Rangel, Enric Bou, Claudio Guillén , Patrizia Violi, Janet Gurkin Altman eta Liz Stanley. Liburuan adibide gisa jasotako gutunen bitartez, autoreak gutunen bidezko komunikazioaren ezaugarri orokorrak azaltzen ditu: gutun batzuen osagai literarioa, fikziozkoa, aztertzen du; beste batzuetan gai pribatuen eta publikoen arteko mugaren haustura azpimarratzen du; edo hartzailearen presentzia gutunetan; “intertestualitateak”; igorlearen eta hartzailearen arteko ituna; gutunetan agertzen den “ahozko” komunikazioa; komunikazio arazoak edo gaizki ulertuak, eta igorlearen eta hartzailearen arteko distantzia laburtzeko mekanismoak, horrela elkartasun intimoagoa lortzeko. Halaber, gutunei dagokienez, hitzaurrean adierazten duen bezala, ideia nagusiak aztertzeko liburuan hiru atal kronologiko bereizten ditu: gaztaroko gutunak (1906-1935), gerra garaiko gutunak (1936-1938) eta erbestealdiko gutunak (1938-1970).
Zubiaurreren gaztaroan idatzitako eskutitzetan berehala hautematen dugu Espainiako mugimendu kulturala oparoa zela XX. mendeko lehen hiru hamarkadetan. Lehenengo atalak bost zati ditu, gutunen idazleen eta gutun motaren arabera: euskal kultura, espainiar kultura, artea eta pintura, lagunak eta familiartekoak.

González-Allende berak esaten duen bezala, “gutunen bidezko harremana jarduera sozial bat dela hautematen da, adiskidetasun erlazioak sendotzeko, elkarri mesedeak eskatzeko eta garaiko intelektualekin harremanak izateko” (18-19 or.). Honela, Concha Méndez-ek Londrestik idazten dionean, bere (eta Manual Altolaguirre bere senarraren) proiektu literarioen berri ematen dio Zubiaurreri; Jesús de Sarría-k Hermes aldizkaria sustatzeko egiten duen ahalegina eskertzen dio; Azorín, Gabriel Miró eta Ortega y Gasset-ek Zubiaurrek antolatzen zituen bilera eta ekitaldi kulturalei buruzko erantzunak bidaltzen dizkiote.

Beste gutun batzuk luzeagoak dira, hala nola, Manuel Fontanals eszenografoarenak, zeinek gogoeta pertsonalak egiten dituen adiskidetasunari buruz, egiazkotasunari buruz edo landa eremuko bizimoduari buruz. Zenbait musikarik eta konposatzailek ere idazten diote, adibidez Donostiako José Antoniok eta Andrés Isasik, Zubiaurrek kultur ekitaldietarako eskatzen zizkien kantuetaz hitz egiteko.

Halaber, eskutitzek erakusten dutenez, Zubiaurrek harreman estuak zituen garaiko hainbat margolarirekin, euskaldunak nahiz katalanak; esaterako, José de Togores, Aurelio Arteta edo Pilar Montaner de Sureda-rekin. Gutun horietan aipatzen dira koadroen salmentak, estilo artistikoak, erakusketak eta Euskal Artisten Elkartea (Asociación de Artistas Vascos).

Zubiaurrek bere anaiei igorritako eskutitzetan ikusten denez, haien karrera piktorikoak gidatzen zituen, aholku artistikoak ematen zizkien. Gainera, Estatu Batuetatik martxanteek eta arte galeriek bidalitako gutunek ondo azaltzen dituzte Zubiaurrek egiten zituen ahaleginak atzerrian anaien erakusketak antolatzeko eta Espainia eta beste herrialdeen arteko harremanak sustatzeko. Azkenik, bere lagunak ziren emakumeekin izandako harremanen artean, Elvira Valentí de Farreras-en gutunak nabarmendu daitezke, interesgarriak baitira Kataluniako burgesiako emakume baten bizimodua ezagutzeko.

Pilar Zubiaurre senarrarekin, Ricardo Gutiérrez, eta Leopoldo semearekin.

Pilar Zubiaurre senarrarekin, Ricardo Gutiérrez, eta Leopoldo semearekin.

Liburuaren bigarren atalean Espainiako Gerra Zibilaren garaian idatzitako gutunak aztertzen ditu. Atal honetan, intelektual errepublikazaleek egiten zituzten ahalegin propagandistikoak eta atzeguardiako eguneroko bizitzaren zailtasunak nabarmentzen ditu egileak. González-Allendek dioenez, eskutitz hauen “funtzio nagusia afektiboa da, lagun maiteekin harremana izateko beharra”; horrela, gerrak eragindako desoreka politikoari eta pertsonalari aurre egiteko (25. or.). Eskutitz horiei sufrimendua darie, senideak urrun daudelako edo lagunak non dauden ez dakitelako. Atal honetako gutunak bi multzotan sailkatuta daude: lagunenak eta senideenak. Lehenengoetan Valentziako Kultur Etxean antolatzen ziren kultur ekimenak aipatzen dira, bertan ostatu hartuta baitzeuden Zubiaurre eta bere senarra. Ángel Ossorio politikariaren eta Zenobia Camprubí-ren gutunetan atzerrian, Argentinan eta Estatu Batuetan hurrenez hurren, errepublikazaleen kausaren alde haiek egiten zituzten ahaleginak aipatzen dira. Interes berezia du Asita Madariagaren (Salvador Madariaga intelektualaren alaba) gutunak, egoera politikoari buruz idazten duelako eta Bigarren Mundu Gerra aurreikusten duelako. Zubiaurrek bere amari eta anaiei Madrilera bidalitako eskutitzetan lau gai nagusi agertzen dira: bonbardaketak, janari eskasia, osasun arazoak eta Valentín anaiaren koadroen salmentak.

Hirugarren atala da luzeena. Hemen Zubiaurrek bere erbestealdian (1938-1970) idatzi zituen gutunak biltzen dira. González-Allenderen iritziz, eskutitz hauen bi funtzio nagusiak informatzailea eta terapeutikoa dira (31. or.). Eskutitzetan gorabehera pertsonalak eta familiakoenak kontatzen ditu, baita lagunen egoerak eta gertaera politiko nagusiak ere. Gainera, gutun hauek terapeutikoak ere badira erbestean dagoenarentzat, bere jaioterriarekin harremanetan jarraitzen baitu, eta urrundik maite dituenen hurbiltasuna sentitzen baitu. Atal honetako gutunak bi multzotan sailkatuta daude: erbestetik gutunak, Espainiatik gutunak, lagun amerikarren gutunak eta senideen gutunak. Lehenengo multzoan Bigarren Errepublikako pertsonaia garrantzitsuen eskutitzak nabarmentzen dira, hala nola, Ángel Ossorio, Juan Negrín (Gobernuaren presidentea) edo Gonzalo Rodríguez Lafora psikiatrarenak; baita zenbait  emakume intelektualen eskutitzak ere, esaterako, Zenobia Camprubí, María Martos de Baeza edo María Luisa Urgoiti de Angulorenak. Estatu Batuetatik, Frantziatik eta Latinoamerikatik idatzitako gutun horietan errepublikazale erbesteratu taldeen egoeraren berri eta frankismoari buruz duten ikuspegiaren berri ematen da. Adibidez, Martos de Baezak kontatzen du erbesteratuak Buenos Airesen biltzen direla, Zentro Errepublikanoan edo beren etxeetan, Espainiako albisteak elkarri azaltzeko eta hitz egiteko.

Zubiaurreri Espainiatik bidaltzen dizkioten eskutitzetan argi azaltzen da han geratu zirenei ere eragin ziela erbesteak, beren lagunak eta familiakoak erbestean zeudelako. Atal honetan zenbait idazleren eta margolariren emazteen gutunak biltzen dira, hala nola, Rosa de Ortega y Gasset, Enriqueta Echevarría eta Nita de Belausteguigoitiarenak; baita Ernestina de Champourcin, Carmen Baroja edo Lozoya-ko markesa egileen gutunak ere. Gutun aipagarrienak Martos de Baeza-k idatzitakoak dira; gutun ugari idatzi zituen, luzeak eta mamitsuak gainera. Gutun horien xedea erbesteratuen obrak Espainian ezagutaraztea da. Gainera, Espainia frankistaren aurka kritika gogorrak egiten ditu: zentsura, hipokrisia erlijiosoa eta marmarrak kritikatzen ditu. Bestalde, positibotzat hartzen dituen errealitateak ere aipatzen ditu: Madrilen hazkundea, turismoaren eta kulturaren gorakada, etab. Adiskide amerikarren atalean Susana Huntington de Vernon hezitzaile estatubatuarraren eta Angélica Mendoza intelektual argentinarraren eskutitzak daude. Huntingtonek Zubiaurreri jakinarazten dio Valentínen koadroak saltzen saiatzen ari dela Estatu Batuetan, eta zenbait erbesteratuei buruzko informazioa ematen dio. Azkenik, liburuaren bukaeran, Pilar de Zubiaurre eta bere amaren eta anaien arteko eskutitzak biltzen dira. Idazki horietan Zubiaurrek bere anaiekiko maitasuna eta haiekin elkartzeko gogoak adierazten ditu; Ramonek bere espiritualtasuna eta estoizismoa erakusten ditu; Valentínek, aldiz, arrebaren osasunari buruzko kezka agertzen du, Mexikon barrena arrebak egiten dituen ibilaldietaz mintzatzen da, bere testamentua aipatzen du eta bere koadroetaz nahiz hurrengo erakusketetaz hitz egiten du.

 

Harpidetu

Artikulu hau atsegin baduzu, harpidetu orain horrelako albiste gehiago jaso ahal izateko.

Iruzkinak itxita.

Igo